jueves, 23 de junio de 2016

Euskal Iraultza Sozialistaren eztabaida (1): Arranomendik (Erlaitza) IRAULTZA GARAIAri

Euskal Iraultza Sozialistaren eztabaida

Euskal Iraultza Herrikoiaren kokapenaren gogoratzea (''Euskalduntasun Iraultzailea'' liburuxkaren harira)

Arranomendi (Erlaitza blogean argitaratua), 2016-VI-16

Iraultza Garaia-k “Euskalduntasun Iraultzailea” liburuxka argitaratu du berriki, gure herrian jorratu beharreko borroka teoriko iraultzailerako ekarpena izateko asmoarekin. 63 orrialdetako testu interesgarria euren blogetik urririk jeitsi eta irakur daiteke.

Alta beraien irakurketan ageri den kokapen oker bat azpimarratu beharrean nago.Izan ere Euskal Iraultzaren ezaugarritzea sozialista dela azaltzerakoan, ezaugarritze hori Euskal Iraultza Herrikoiarekin kontrajartzen baitute, Euskal Iraultza Herrikoiaren planteamendua Euskal Iraultzaren fase gisa planteatzen dela kontuan hartu gabe.

Euskal Iraultza Herrikoiaren planteamendua aurkezterakoan berau oso argi kokatu nuen fase izaerarekin eta hastapenetik aipatu duela 5 hamarkada baino gehiago abiaturiko Euskal Iraultzak izaera nazionala eta sozialista duela. Gogoratu nuen halaber ENAMek historikoki etapak planteatu dituela prozesu iraultzailean.Eta adibide batzuk agertu nituen testu esanguratsu batzuk erabiliz.

Gaurkoan gisa bereko beste  pasarte bat ekarriko dut, hau ere aski adierazgarria delakoan afera honi dagokionez.

1976. urteko ETAm-ren Zutik 67 aldizkarian (zeinaren erredakzioan Argalak funtsezko papera izan zuela erraten den), “Gure erakundearen ideologi,estrategi eta taktika” izenburuaren baitako testuan honakoa adierazten da:

“(…)proletalgoak sozietate osoaren gain duen nagusigo honek, azken etapa estrategiko bat suposatzen du. Lehen momentu batean, Euskadiko kontraesan nabariena, espainiar eta frantziar oligarki inperialista eta herrien bide lagunena eta euskal herriko kapa herritarren artekoa da.Hargatik, egiteko daukagun sozial iraultza, oraindik herrikoi senekoa da, eta proletalgoaren nagusitasunak herriak oligarkiaren gaineko agintaritzaren forma hartuko du, langile klasearen zuzendaritzapean,noski.”.

Beraz, ez dago kontrajartzerik euskal iraultza sozialista bere baitako fase batekin. Kontrajarri daitekeena halako faserik gabeko iraultza eta fase nazional-herrikoia barnebiltzen duenaren arteko planteamendu estrategikoa da.
Historikoki egon dira ENAMen fase planteamenduen aurka kokaturiko sektoreak (LAIA-ez edo autonomoak bere garaian adibidez),baina aipatu bezala ENAMen planteamendua bestelakoa zen. Nik, egun ere euskal prozesu iraultzailearen baitan iraultza herrikoiaren beharra eta egokitasuna defendatzen dut. Kasu hontan auzia ez da beraz Euskal Iraultzaren ezaugarritzea sozialista edo herrikoia ote den, hastapenetik argi baitago sozialista dela, askapen prozesua aitzinatzeko  iraultza herrikoiaren alde edo aurka kokatzean baizik.
Hona Iraultza Garaiaren aipamena,segidan beharrezko argipena eta bukatzeko Euskal Iraultza Herrikoiaren proposamenaren kokapenaren gogoratzea:
Iraultza Garaia:
“Gure ustez, Euskal Iraultzaren ezaugarritze zuzena Euskal Iraultza Sozialista da.   Beste  ezaugarritze bat, serio eta landua, Euskal Iraultza Herrikoia dugu, Nazionalismo Iraultzailearen planteamenduak jarraitzen dituena . Azken hau proposatzen duen burkidearen arabera, Arranomendi, Euskal Iraultza: ….ez da esklusiboki langileriaren iraultza. Langileriak beste sektore herrikoiekin batera burutu beharrekoa baizik. Euskal langileriaren (eta honen baitan euskal proletalgoaren) zeregina ez da iraultza hau bakarrik egitea, iraultza honen buru izatea baizik.
Iraultza sozialista, baina, ez da izan esklusiboki langileriaren iraultza inoiz. Garaipena lortu duten mugimendu sozialista iraultzaile guztiak proletalgoak gidatutako klase aliantzak izan dira. Euskal Iraultza Sozialistak ez du zertan salbuespena izan behar.
Bereizten duena iraultza sozialista bat eta proletalgoak gidatutako iraultza burges herrikoi bat da lehenak kapitalaren menderakuntza erabat ezabatzen duela. Hau da, kapitalaren erreprodukzio handituari bere nagusitasun soziala kentzen dio eta, ondorioz, komunismora abiatzen dela, bigarrenak menderakuntza hori kolokan jartzen ez duen bitartean, garrantzitsuak eta positiboak diren aldaketa politiko eta sozialak ekar lezakeen arren.”
Horrela aurkezturik badirudi Euskal Iraultzari buruzko ezaugarritzea dela hor aipaturikoa,baina izatez Euskal Iraultza Herrikoiaren fasearen ezaugarritzeari buruzkoa da. Berau, fase ezaugarritze hori erauzita ulertu eta agertzea oso akats nabarmena iruditzen zait. Izan ere kokapena argia baita nik idatziriko testuan:
“Planteaturikoaren arabera Euskal Iraultza Sozialista bururaino eramateko bideak bi fase lituzke:
    1. Euskal Iraultza Herrikoia (EIH): Euskal Errepublika Independiente Herrikoia
    2. Euskal Iraultza Sozialista : Euskal Errepublika Independiente Sozialista”
Kokapen gisa egindako sarrera gogoratuko dut bukatzeko:
“Duela 5 hamarkada abiaturiko Euskal Iraultzaren helburua Euskal Herri Langilearen askatasun osoa da.Euskal Herri independiente,sozialista,birbatu,euskaldun (eta ez patriarkala). Iraultza horrek izaera nazionala eta sozialista ditu eta izaera hori nabarmentzeko Sozialista izendapena ere atxiki zitzaion, hots Euskal Iraultza Sozialista. Euskal Iraultza Sozialista da Euskal Herri Langileak zapalkuntza nazional eta sozialetik bere askapen osorako burutu behar duen prozesu iraultzaile askatzailea.
Baina euskal askapen mugimenduan testuinguruaren araberako fase edo etapak finkatu izan dira iraultza honetan. Testuinguru zehatzari begira iraultza hau aitzinatzeko planteamenduak alegia, euskal langileriak berehalako botere hartze bat gauzatzeko aukerarik ezean, askapenerako bidea eginez baldintza berriak sortzearen apostua eginez.
Planteamendu horietan KAS alternatiba taktikoaren adibidea dugu esanguratsuenetakoa,baina alternatiba hura planteamendu orokorrago bateantxertatzen zela azpimarragarria iruditzen zait. Izan ere, planteamendu taktiko-estrategikorik gabe, printzipismoan aritzea ezkerkeriako joera baldin bada, taktizismoaren arriskua ere azpimarragarria baita.
Planteamendu orokorrago horri Euskal Iraultza Herrikoia izendapena eman zitzaion bere garaian (“revolucion popular vasca”) eta egungo testuinguruan gogoratzea biziki interesgarria dela iruditzen zait.
1974ko abuztuan ETAren Txikia taldeak argitaratutako idatziak Euskal Iraultza Sozialistaren baitan Euskal Iraultza Herrikoiaren kokapena egiten zuen:
“La contradiccion principal de nuestra lucha revolucionaria es la que enfrenta a las clases populares vascas -con el proletarido industrial al frente- con las burguesias monopolistas español y francesa; existen unos lazos de union, unos intereses de clase comunes -no identicos- que determinan el caracter popular y no meramente proletario de la revolucion pendiente en Euskadi” (…). La revolucion popular vasca constituye entonces la primera fase en la construccion del socialismo en Euskadi”.

No hay comentarios.:

Publicar un comentario